Janzkera

Garai hartako janzkera poliki-poliki aldatu zen Erdi Aroko lehen mendeetan. X. mendera arte Berant Inperio alditik jasotako janzkera erabili zuten gehienbat, hau da, tunika eta tubruco izeneko galtza moduko bat. XI., XII. eta XIII. mendeetatik aurrera janzkera zertxobait berriztatu zen, eta maila bateko jendea orkatilarainoko tunikak (brial) erabiltzen hasi zen, eta jende xumeagoa belaunerainoko soineko laburrak (zaiak). Tubruco en ordez hanken formara egokitutako galtzak erabiltzen hasi ziren, halaber.

Gizonezkoek burua estali gabe eramaten zuten, eta ile luzea eta bizarra izaten zuten. Emakumeek, berriz, era askotako buru-estalkiak erabiltzen zituzten: kofiak, boneteak, kokotsean lotutako boneteak, kono-enbor formako boneteak edo bonete zilindrikoak, oihalezko zerrendekin estaliak…

XI. mendetik XIII. mendera bitartean, hau da, Santiago Konpostelako erromesaldien garai gorenean, askotan ikusten zen Euskal Herriko lurrak zeharkatzen zituzten erromesen janzkera berezia.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org