Ekonomiaren ikuspegi orokorra

Erdi Aroko lehen mendeetan, biztanle gehien-gehienen bizibidea nekazaritza eta abeltzaintza ziren. Industria (burdin erauzketa edo gatzaren ustiapena, adibidez) eta merkataritza ere zabalduz joan ziren pixkanaka.

Bizkaia eta Gipuzkoa

XIII. mendeen arte basogintza eta abeltzaintza izan ziren jarduera nagusiak.

1200. urtetik aurrera Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko lurrak Gaztelaren eraginpean gelditu ziren behin betiko. Urte hartatik aurrera, beren garapen ekonomikoa areagotzeko aukera izan zuten, merkataritza eta arrantza orduantxe hasi baitziren garatzen. Bizkaiak eta Gipuzkoak, gainera, Arabako burdingintzak utzitako lekukoa hartu zuten, Araban jarduera horren gainbehera hasi ondoren.

Arrantza, baxurakoak eta balearenak bereziki, sekulako garrantzia izan zuen itsasertzeko ekonomian. Baina merkataritzak ere bazuen bere lekukoa portu horietan, lehengai asko inportatu eta esportatzen baitzituzten handik. XIII. mendearen bigarren erditik aurrera, portuetan Bizkaiko burdina eta Gaztelako artilea esportatzen hasi ziren, eta portu horietara era guztietako manufakturak iristen ziren, hala nola, oihalak, bitxiak, luxuzko gaiak eta Flandes, Ingalaterra eta Frantzia iparraldean egindako beste zenbait produktu. Salgaiak Gaztelako koroaren lurretara eta Nafarroako Erresumara eramaten zituzten ondoren.

Merkataritzaz eta arrantzaz ari garela, nabarmentzekoa da, ontzigintzak izandako garapen handia.

Araba

IX. mendetik XII. mende amaiera arte garrantzi handia izan zuen zereal-hazkuntzak. Jarduera hori basogintzarekin, abeltzaintzarekin eta burdin erauzketarekin osatzen zen. Araban burdingintzaren gainbeherak XIV. mendean jo zuen lurra, baina XIII. mendean merkataritzak izandako garapen handiak gainbehera hari aurre egiten lagundu zion. Merkataritza Gasteizen garatu zen batik bat, eta Agurainen eta Biasterin ere bai, baina hein txikiagoan.

Nafarroa

Iparraldean, basogintza eta abeltzaintza ziren nagusi, erdialdean, berriz, zereal-hazkuntza eta hegoaldean, azkenik, nekazaritza dibertsifikatua, zereal, mahasti, fruta-arbola eta baratzeekin.

XI. mendetik aurrera, Kordobako Kaliferria bertan behera erori ondoren, Nafarroako Erresumak susperraldi politiko handia izan zuen Antso Nagusiaren (1004-1035) eta haren ondorengoen eskutik. Garai hartan, izugarri garatu zen ekonomia, Pirinioak zeharkatu ondoren Nafarroako lurretan zehar ibiltzen ziren merkatari eta erromesei esker. Antso Ramirezen garaian (1076-1094) Jakan kobratzen zen muga-zerga baten berri jaso dugu, eta zerga hari esker badakigu larruak, Flandesko edo Frantziako oihalak, metalak eta armak iristen zirela iparraldeko herrietatik, eta Espainia islamiarretik, berriz, espeziak, zetazko oihalak, bestelako luxuzko ehunak, urrezko txanponak edo eta presoak.

Nafarroa Beherea eta Zuberoa

Hango lurrak abelburuak hazteko belaze ederrez beteta zeuden.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org