Bizi-zikloa

Neskak ugalkorrak izan bezain laster ezkontzen zituzten, familiei ahalik eta seme-alaba gehien emateko. Neska haiek birjinak izan behar zuten ezkontzean, nobleziakoek bereziki, eta birjintasun horren inguruko zalantzarik egonez gero, Nafarroako Foru Orokorrak aukera ematen zion gizonari emaztegaia benetan birjina ote zen egiaztatzeko.

XIII. mendera arte, ezkontza bi familiaren arteko kontratu zibila zen funtsean. Kontratu horren bidez familia bakoitzaren estrategia sozial eta ekonomikoentzako tratu onuragarria lortzen saiatzen ziren. Kontratu horretan ez zen ezkontideen asmorik kontuan hartzen, eta XIV. eta XV. mendeak arte elizak ez zuen ezertarako esku-hartzen.

Bizi-itxaropena oso laburra zen orduan, besteak beste ondorengo arrazoiengatik: elikadura eskasa, sendabiderik gabeko gaixotasunak, gerrak etengabe, baldintza oso kaskarretan egindako lan nekeza, etab.

Baldintza horietan heriotza nonahi eta noiznahi gertatzen zen. Gaixoez eta hildakoez arduratzeko kofradiak sortu zituzten orduan, San Saturninorena (1229), adibidez. Kofradiakideak gaubeilaz, hiletaz, ehorzketaz eta hildakoaren arimaren aldeko otoitzez arduratzen ziren, eta hileta-elizkizuna amaitzean bazkaria egiten zuten. Bazkari hartara hamabost behartsu gonbidatzen zituzten.

XII. eta XIII. mendeetatik aurrera testamentua erabiltzen hasi ziren herentziak eta arimari lotutako kontuak zehazteko. Arima kontuak betiko salbamena lortzeko zaintzen ziren, eta horretarako zegozkion pietatezko legatuak eta arimaren aldeko mezak egiten ziren, arimak purgatorioan ahalik eta gutxien egoteko.

Elizak katekesia erabiltzen zuen eliztarrak heriotzarako prestatzeko, eta ordurako arima-kontu guztiak konponduta izateko.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org