Kristautzea eta elizaren antolamendua
Kristautzea
IV. mendean kristautasuna Erromatar Inperioko erlijio ofizial bihurtu zen. Handik aurrera, kristautzea erromanizazioari lotutako ezaugarria izan zen.
Kristautasuna hedatzeko bide nagusiak erromatar galtzadarik garrantzitsuenak izan ziren.
Bizitza erlijiosoaren erreforma eta dibertsifikazioa
Monasterioak garrantzi handiko kultur guneak ziren eta eragin handia zuten politikan eta ideologian.
XI. mendeko azken laurdenean erritu bisigotiko-mozarabiarra baztertu eta erromatarra nagusitu zenean, hainbat aldaketa egin zituzten liturgia-egutegian, santuen izendegian, eta abarretan. Leire eta Iratxe Clunytik iritsitako elizaren erreformaren ardatz bihurtu ziren.
XII. mendean, Clunyko Ordenaren erreforma egin zuten, eta orduantxe sortu zen Cisterko Ordena. Ordena hura Fiteroko monasterioaren bidez zabaldu zen Euskal Herrian.
XIII. mende hasieran, berriz, frantziskotarren eta domingotarren eskeko ordenak sortu ziren.
Euskal Herriko gotzain-barrutien lurralde-eskumena
XII. mendean behin betiko finkatuta gelditu zen Erdi Aroko euskal elizbarrutien mapa, zazpi gotzain-barrutitan banatua.
Egituraketa hori oso korapilatsua zen eta, XI. eta XII. mendeetan bereziki, ika-mika ugari sortu ziren gotzain-barrutien artean, bakoitzari zegozkion lurralde eskumenak zirela eta ez zirela.
Eliz-antolamenduari dagokionez, elizbarrutiak artzapez-barrutietan banatzen ziren eta barruti horiek artxidiakono-barrutietan. Halere, parrokiak zeuden eliztarrengandik gertuen eta haiek zuten eraginik handiena gizartean ere.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org