Gida didaktikoa
Erdi Aroa Euskal Herrian berez 12 eta 16 urte bitarteko ikasleei zuzendutako ikasmateriala da, aldi berean beste adinetako erabiltzaileentzat ere interesgarria gerta daitekeena. Produktuaren xede nagusia gazteei Euskal Herriko Erdi Aroari buruzko ezagutza esanguratsua eskaintzea da, era atsegin eta entretenigarrian, jolasa eta alderdi praktikoak batuz eta partaidetza sustatuz jarduera elkarreragileen bitartez. Ikasmaterialaren helburua irakaskuntzaren laguntzaile izateaz gain, Erdi Aroaren lehen sarrera eta orientabidea izatea da, hau da, ikaslearentzako erabat erabilgarria izango den tresna eskuratzea.
Garapenerako ildo nagusiak honako hauek lirateke:
- Euskal Herriko Erdi Aroari buruzko ezagutza esanguratsua eskaintzea ikasleei.
- Teknologia berriak eta ikasmateriala uztartzea, gazteei teknologia berriak barneratzen lagunduz.
- Ikasleak IKT-dun gaitasunetan trebatzea.
- Ikasgeletako metodologia aldaketari laguntzea.
Leku-denborazko koordenatuak
Historia jakintza etengabe eta oro-hartzailea da, gizakiok Lurrean izandako bilakaera baitu aztergai. Aipatutako bilakaera edo ibilbidea hainbat ikuspegitatik lantzen du historiak, errealitate konplexu hori oso-osorik bildu nahian.
Irizpide didaktikoei erantzuteko eta gertakari orokorrak atalez atal ulertzen laguntzeko besterik ez bada ere, historialariek historia aztertzeari ekiten diotenean, leku eta denbora jakin batzuk hartzen dituzte oinarritzat.
Aztergai dugun leku edo espazioa Antzinaroko Euskal Herria da, eta horretarako, garai klasikoko eta antzinate-amaierako egileek esandakoetan oinarritu gara.
Antzina Euskal Herria izenez ezagutzen zen lurralde-eremua gaur egungo Euskal Herriaren oso antzekoa zen, eta mendebaldeko Pirinioen bi aldeetako lurraldeak hartzen zituen bere baitan. Erdi Aroan etnia eta kultura ugari elkartzen ziren eremu horretan, eta ez zegoen agintari bakar baten pean bildutako lurralde-batasunik edo batasun politikorik, elizaren alorrean gertatzen zen moduan.
Garaiari dagokionez, Erdi Aroak denbora-puska handi samarra hartzen duenez (mila urte, V. mendetik XV. mendera bitartean), ondo oinarritutako tradizio historiografikoari jarraiki, bi aldi nagusi bereizi ditugu: bata, 1300. urtera artekoa eta, bestea, urte hartatik aurrerakoa.
Erdi Aroa Euskal Herrian gaia aztertzen duen ikasmaterial honetan bi aldi horietako lehenbizikoa jorratu dugu. Euskal gizarte feudala orduantxe sortu eta indartu zen, eta XII. mendean eta XIII. mendeko urte gehienetan klasizismoa ezagutu zuen Euskal Herriak. XIII. mende amaieran, ordea, krisialdi sakon baten lehen aztarnak agertu ziren Euskal Herrian, Europa osoan bezalaxe: XIV. mendeko, feudalismoko edo Behe Erdi Aroko krisialdi deitu izan zaio, hain zuzen.
Helburu orokorrak
Teknologia berriek aspaldi utzi zioten tresna arrotza izateari informatika-aplikazio honen xedea osatzen duten gaztetxoentzat. Hori dela eta, tresna bikainak dira curriculum desberdinetara egokitutako eduki didaktikoak jorratzeko, aukera handiak eskaintzeaz gain, oso gertukoak baitzaizkie ikasleei. Ikasmaterial honen bidez, ikaskuntza-prozesua sendotu eta Erdi Aroaren inguruko ezagutzak eskaini nahi dira, beti ere, ikasleei beren kasa ikasteko aukerak luzatuz. Honela, Erdi Aroa Euskal Herrian ikasmaterialaren helburua ez da erabiltzaileek gertakari historikoak, izenak eta datak buruz ikastea. Bertako edukiak prestatu eta antolatzean, ikasleak orduko giroan murgiltzea eta V-XIII. mendeetako paisaia historikoa irudikatzea lortu nahi da, oro har. Ikasmaterialaren xede nagusia erabiltzaileek beste garai eta ingurune batzuetako pentsamoldeaz jabetzea da. Tolerantzian eta elkarrenganako begirunean oinarritutako balio sistema sendotu eta garatzea lortu nahi da, eta horretarako iragana ezagutu eta ulertzea da helburu. Bestalde, ondare historiko-artistikoaren zati bat ezagutarazi nahi da ikasleei, ondare hori babesteko joera sortzeko.
Curriculumaren erreferentziak OCDn
Erdi Aroa Euskal Herrian osatzen duen ikasmaterialak DBH 2. ikasmailako “Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia” ikasgaiko edukiekin lotura zuzena du. Maila horretan, honako hauek lantzen dira: biztanleria, demografiaren gorabeherak eta joerak eta horien ondorioak; gaur egungo gizarteen ezaugarriak, bereziki euskal, espainiar eta europar gizarteetakoak; horretaz gainera, hirietako bizimoduak eta hiri-espazioen ezaugarriak ere lantzen dira.
Horrekin batera, bilakaera historikoa aztertzen jarraitzen da, Erdi Aroko gizarteekin hasi eta estatu modernoa eratu artekoa. 3. eduki-multzoan, industriaurreko gizarteak izenekoan, garrantzi handia ematen zaie garai hartako Iberiar penintsulari, Erdi Aroko penintsulako lurraldearen aniztasunari, monarkia hispaniarrari eta Amerikako kolonizazioari, baita historia-epe horrietako Euskal Herriaren egoerari ere (gure edukiekin bat datorrena).
Erdi Aroa Euskal Herrian ikasmaterialak, hala ere, zeharkako izaera eduki nahi du, lantzen dituen edukiak ikasleak beste gaietan eta bere eguneroko bizitzan erabiltzeko baliagarriak izan daitezkeelakoan.
Gaitasunei dagokienean, hauek lirateke ikasmaterialak garatzen lagunduko dituenak:
- Gizarterako eta herritartasunerako gaitasuna.
- Zientzia-, teknologia- eta osasun-kulturarako gaitasuna.
- Hizkuntza-komunikaziorako gaitasuna.
- Informazioa tratatzeko eta teknologia digitala erabiltzeko gaitasuna.
- Giza- eta arte-kulturarako gaitasuna.
- Ikasten ikasteko gaitasuna.
- Norberaren autonomiarako eta ekimenerako gaitasuna.
Materialaren erabilerarako testuinguru metodologikoa
Erdi Aroa Euskal Herrian ikasmaterialaren xede nagusia irakasgaiaren laguntzaile zuzena izatea da, hau da, Erdi Aroko ezagutzak jaso ondoren guzti hau era praktiko batean garatzea ahalbideratuko duen erreminta eskuratzea. Honela, ikasmaterial honen bidez ikasleak aurrerago jasotako kontzeptu teorikoak era praktiko batean landuko ditu. Guzti honekin, irakasle eta ikaslearentzat erabat erabilgarria izango den tresna eskuratuko dugu.
Oinarria interaktibitatea eta elkarreragiketa dugu, ikasleentzako erakargarria eta motibagarria izan dadin eduki eta ariketa ezberdinen arteko nabigazioa ahalbideratzen baitu.
Guzti honekin, ikasleak “'Gizarte Zientziak, Geografia eta Historia”' ikasgaiarekiko duen interesa eta motibazio-maila areagotzea eskuratuko dugu, bere ezagutzak garatzeko aukera izango duelako era atsegin eta entretenigarrian eta betiere kalitatezko edukiekin.
Barne-egitura eta edukiak garatzeko oinarriak
Ikasleak garai jakin batean murgiltzeko eta aztergai dugun gaiaren inguruko jakin-mina sortzeko moduko pizgarriak erabili behar direla uste dugu. Horrela, ikasleak garai historiko liluragarri hura ezagutzeko gogoa izango dute.
Erdi Aroa Euskal Herrian eskaintzen den materialaren bidez, ikasleak gure aurretikoen bizimodura hurbiltzen dira. Hau da, Euskal Herriko Erdi Aroko gizarte, politika, kultura eta ekonomiarekin lotutako alderdiei buruzko informazioa eskaintzen zaie. Hainbat baliabide erabiltzen dira (animazioak, argazkiak, testuak…) VI. eta XIII. mende bitarteko gizaki-multzoek inguruko lurraldearekin izandako harremanak (lurrak bereganatzea, baliabide materialen erabilera, ekonomia, gizartean eta politikan izandako ondorioak…) ezagutu eta aztertzen laguntzeko. Era berean, gizarte horren bilakaera historikoa baldintzatu zuten gertakari politiko, ekonomiko eta kulturalen arteko harremanak eta gizabanakoek, gizonezko eta emakumezkoek, orduko gizartean izandako betekizuna aditzera eman eta aztertu nahi ditugu ikasleekin batera.
Euskal Herriko Erdi Aroko bizimodua ikasteko aukera eskaintzen dituen edukiak ditu ikasmaterialak. Edukiak 8 ataletan banatuak daude: “Politika eta lurraldearen eraketa”, “Foru-erakundeak eta herrietako erakundeak”, “Demografiaren bilakaera”, “Ekonomiaren gaineko ikuspegi orokorra”, “Gizarte feudalerantz”, “Kristautzea eta elizaren antolamendua”, “Arte- eta kultur-adierazpenak” eta “Eguneroko bizitza eta herritarren pentsamoldeak”. Horietan guztietan galderak aurkituko ditu ikasleak, horrela ikasmaterialak alde teoriko eta praktikoa uztartzen ditu:
- Alde teorikoan atal bakoitzak Euskal Herriko Erdi Aroko alderdi bati buruzko azalpenak ematen ditu. Horiek guztiak hasierako menu batean aurkezten dira, bakoitzean klikatuz gero, edukietara barneratzeko aukera dagoelarik.
- Alde praktikoari dagokionez, atal bakoitzak bertako edukiei buruz jasoriko ezagutza neurtzeko galderak egongo dira. Ikasleak, test edo beste ariketa praktiko aurrera atera beharko ditu aplikazioan zehar biltzen diren ezagutzen bitartez. Horrez gainera, ariketa guztietan bakoitzak bere emaitzak zuzentzeko sistema dago, ikasleak bere kasa arituta ariketak ondo egin dituela ziurtatzeko.
Erabilitako metodologia edukiak jaso eta ariketak gainditzea eskatzen duen sisteman oinarritzen da: atal bakoitzean ikasitakoa berehala aplikatzeko aukera dago. Horrela, atal bakoitzak bere osotasunean edukiak bereganatu eta, ondoren, horiek gauzatzeko aukera eskaintzen du.
Honez gainera, ikasleak une oro eskuragarri izango dituen Bibliografia, Leku-denborazko koordenatuak eta Oinarrizko kronologia atalak daude.
Ikasmaterial honetako eduki guztiak bi bertsiotan aurkezten dira: nabigagarria (HTML formatua) eta inprimaketarako prestatua (PDF formatua).
Kredituak
Jatorrizko gidoia: Iñaki Bazán Díaz eta César González Mínguez
Diseinua: Euskomedia Fundazioa
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org