Foru-erakundeak eta herrietako erakundeak

Lurralde-foruak

Nafarroako Foru Orokorra

Champagne dinastiak Nafarroako tronua eskuratu zuenean (Antso VII.a Azkarra hil ondoren), askotan, ez zituen nafarren ohiturak errespetatu. Horregatik, ohitura haiek idatziz jasotzea erabaki zuten. Horrela sortu zen Foru Zaharra XIII. mendean. Ondoren, beste testu batzuk gehitu zituzten Nafarroako Foru Orokorra osatu arte.

Joan Nuñez de Lararen zigor-liburua

Bizkaiko hiru eskualdeetan ere (lurralde irekian, Enkartazioak eta Durangaldean) ohituren arabera zuzentzen ziren. Joan Nuñez de Larak interes handia zuen Bizkaiko zuzenbidean eta lurralde irekiko ohiturak eta usadioak idatziz jaso zituen.

 


 

 

Herrietako foruak

 


 

Bizkaiko Jaurerria hiritartzeko prozesua

Bizkaiko Jaurerria berandutxo hiritartu zen Euskal Herriko gainerako lurraldeen aldean. 1290. urtean Durango eta Ermua sortu aurretik bost hiribildu besterik ez zeuden. Gipuzkoak, aldiz, halako bi zituen eta Arabak eta Nafarroak, berriz, halako hiru.

Bizkaiko bost hiribildu horiek Burgostik Jaurerrirako sarbideetan kokatu ziren funtsean: Enkartazioetatik Balmaseda (1199) eta Lanestosa (1287); Urduñako mendatetik Urduña (1229), eta Gasteizen barrena Otxandio (1254). Bermeo (1236) zen Bizkaiak itsas merkataritzarako zuen sarbide bakarra.

Egoera hura errotik aldatu zen, ordea, Diego Lopez Harokoa jaunarekin. Lopez Harokoak, hegotik iparrerako ardatz berriak Bizkaiko ekonomiari eta bere ondasunei zabaltzen zizkion aukerez jabetuta, Durangoko eta Ermuko hiribilduak sortu zituen barrualdean, eta Bizkaia itsas merkataritzarantz bideratu zuen Plentzia (1299) eta Bilbo (1300) sortuta.

Euskal Herriko hiribilduen sorrera

XI. mende amaieran, Erdi Aroko euskal gizarte landatar tradizionala errotik aldatu zen hiribilduak sortzearen ondorioz.

Lege-esparru berria erabiliz, hiri-gutunena alegia, hiriguneak sortzea bultzatu zen.

Hiribildu horiek sortzeko arrazoi ekonomikoak eta militarrak egon ziren.

Arrazoi ekonomikoak

  • Donejakue Bidetik zihoazen erromesen joan-etorriek merkataritzari eta artisautzari lotutako ekonomiaren garapena ekarri zuten.

    Donejakue Bidean zehar zeuden hiribildu askok eskuratu zuten hiri-gutuna, Lizarrak (1090) eta Zangozak (1094), adibidez. Handik urte batzuetara, 1122an, Garesek lortu zuen gutun hori, Iruñeko San Zernin burguak 1129an, eta Elok, Zangozatik Garesera bidean zegoen bideko bigarren mailako geldilekuak, 1149an.

     

     

  • Itsasoko merkataritzak ere eragina izan zuen hiribilduak sortzeko garaian.

    Antso VI.a Jakitunak itsasoko merkataritzari loturiko ekonomia bultzatu nahi izan zuen. Gogo horrek bultzatuta sortu zuen Donostia 1180an. Geroago, Gaztelak itsaso bidezko merkataritza bultzatzen jarraitu zuen, eta, horrela, XIII. mendean Gipuzkoako ia itsasertz osoa hiritartzera heldu zen. Hondarribia (1203), Mutriku eta Getaria (1209) eta Zarautz (1237), besteak beste, garai horretakoak dira.

  • Hiribilduen eraketak garrantzi handia izan zuen itsasertza eta barrualdea lotzeko garaian.

    XIII. mendearen erdialdean beharrezkoa izan zen barrualdearen eta salgaiak lehorreratzen zituzten portuen artean pasabide edo korridoreak egitea, eta, horrela, merkataritza-bide berria sortu zen hegoaldetik iparraldera, ekialdetik mendebaldera zihoan Donejakue Bide tradizionala alde batera utzita.

    Alfontso X.a Jakitunak lan ikaragarria egin zuen horretarako. Gasteiztik itsasora zihoazen hiru bide zabaldu zituen: lehena, Deba bailaran zehar, Arrasate eta Bergara herriekin; bigarrenak Agurain, San Adriango tunela eta Oria bailara zeharkatzen zituen lehendik zeuden herriak hartuz, hala nola Segura, Ordizia eta Tolosa; eta hirugarrena, Artziniegan zehar Altubeko gainean barrena, Laredo eta Castro Urdialeserantz hedatzen zen.

Arrazoi militarrak

  • Antso VI.a Jakitunak ere sistema hori erabili zuen, Gaztelarekiko liskar politikoen aurrean.

    Antso Antso VI.a Jakitunak sortutako herri haietako askok erresumaren hego-mendebaldea babestea zuten helburu; besteak beste, Biasterik (1164), San Vicente de la Sonsierrak (1172), Los Arcosek (1175), Gasteizek (1181), Antoñanak eta Bernedok (1182), Trebiñuk (1191ren aurretik), Argantzunek (1191 ) eta Labrazak (1196).

  • Alfontso X.ak Jakitunak Gaztelaren eta Nafarroaren arteko mugak babesteko erabili zuen sistema hori.

    Gogoan izan 1200. urtean Nafarroak Arabako eta Gipuzkoako lurrak galdu zituela Gaztelaren aurka. Gaztelak bere muga berria babestu beharko zuen aurrerantzean eta Alfontso X.a Jakitunak zegozkion neurriak hartu zituen horretarako, besteak beste, honako hiribildu hauek sortzea hegoaldetik iparraldera: Urizaharra, Kanpezu, Korres, Kontrasta, Segura, Ordizia eta Tolosa.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org