Espazio politikoen bereizketa

Prozesu hori Errekonkistaren* hasieran gertatu zen, hainbat monarkia kristau sortu ziren garai berean. Hauek ziren aipatutako monarkiak: asturiar-leondarra mendebaldean, Iruñekoa ekialdean eta Gaztelakoa hego-mendebaldean.

*711. urtean, musulmanek Iberiar penintsula menderatu zuten. Orduan galdutako lurraldeak berreskuratzeko prozesuari deritzo “Errekonkista”.

Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko espazio politikoen bereizketa.

  • IX-X: IX. eta X. mendeetan Arabako kondeak asturiar leondar erregeekin bat eginda zeuden.
  • XI: XI. mendean, Antso III.a Gartzez Nagusiaren erregealdian, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaia Iruñeko Erresumaren barruan gelditu ziren.
  • XI: XI. mendeko azken laurdenean, Araba, Bizkaia eta Durangaldea Gaztelako Alfontso VI.aren eragin-eremuaren pean gelditu ziren.
  • XII: 1134tik aurrera, Gartzea IV.a Ramirez Berrezarleak eta haren seme Antso VI.a Jakitunak euskal lurraldeak berreskuratu zituzten.
  • XIII: 1200.ean, Alfontso VIII.ak Gaztelako koroaren mende jarri zituen behin betiko Araba, Gipuzkoa eta Durangaldea. Bizkaia 1180tik zegoen Gaztelarekin bat eginda. Durangaldea eta Enkartazioak pixkanaka joan ziren Bizkaiarekin bat egiten XI. mendetik XIII. mendera bitartean.

Baskoniako Dukerritik Euskal Herri kontinentaleko bizkonderrien eraketara

Nobleek mendetasun feudala zuten Frantziako errege-erreginekiko, baina gertutasun geografikoaren ondorioz eta antzeko ohitura eta usadioak zituztenez, harreman dinastiko estuak izan zituzten Pirinioez bestaldeko agintariekin.

1063. urte inguruan, Akitaniako Dukerriak eta Gaskoniako Konderriak (azken horretan hainbat bizkonderri zeuden: Lapurdi eta Zuberoa, adibidez) pertsona bakar baten esku gelditu ziren: Gilen VIII.aren esku.

Akitaniako Gilen X.aren alaba Leonor Henrike Plantagenetekin ezkondu zen 1152an, eta Henrike hori Ingalaterrako Henrike II.a bihurtu zen 1154an. Bikotearen lehen semeak, Rikardo Lehoi-bihotzak, Akitania eta Gaskonia jaso zituen herentzian, Ingalaterrako monarkiarako, eta politika zentralizatzaile eta zapaltzailea ezarri zuen jarrera zentrifugoei aurre egiteko.

Politika hori agerian gelditu zen Lapurdi eta Zuberoako bizkonderrietan. Rikardo Lehoi-bihotzak kanpaina militarra antolatu zuen bizkonderria menderatzeko, eta Baiona hartu zuenean (1177) eman zion amaiera. Azken bizkondearen ordez erregearen funtzionario bat jarri eta bizkonderria bi zatitan banatu zuen (1190): Lapurdi, batetik, eta Baionako hiria, bestetik.

Ingelesen agintaldian susperraldi demografiko eta ekonomikoa izan zuten, eta bestalde, Baionako portu-hiriak administrazio-autonomia eskuratu zuen Ingalaterrarekin zuen merkataritza-harreman sendoari esker, besteak beste

Antso VI.a Jakitunak eta Akitaniako Leonorrek seme-alabak ezkondu zituzten (1191): Berengela alaba eta Rikardo Lehoi-bihotza, alegia. Ezkontza horri esker Nafarroako Koroak Nafarroa Behereko lurrak menderatu eta bereganatzea lortu zuen, eta gero, Antso VII.a Azkarraren eta Champagneko Tibalt I.a Trobalariaren erregealdietan, sendotu egin ziren elkarren arteko harremanak.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org