Politika eta lurraldearen eraketa
Euskal Herri penintsularra bisigodoen aurrean
Herri inbaditzaileen presioaren ondorioz, Erromatar Inperioaren egitura bertan behera erori zen 476. urtean.
Toledoko Erresuman hispaniar bisigodoen eta baskoien arteko harremana ez zen oso adeitsua. Leovigildo eta Suintilaren erregealdietan, adibidez, liskarrak egon ziren bien artean. Bi errege horiek Victoria (581) eta Erriberriko (621) gotorlekuak egin zituzten, hurrenez hurren, lurraldea kontrolatzeko.
Herri germaniar inbaditzaileek (alanoak, sueboak, bandaloak, heruloak eta bisigodoak) V. mendean zehar egindako presioaren ondorioz, batetik, eta Erromatar Inperioaren mendebaldeko egituraren gainbeheraren eraginez, bestetik, Euskal Herriko gizarte eta ekonomiaren ordura arteko antolamendua errotik aldatu zen. Kinka larri hartan, gainpopulazioa ere gertatu zen, baliabideak urriak zirelako, eta ez da harritzekoa, beraz, zenbait talde armatuk bide-lapurretak antolatu izana. Ordutik aurrera, euskaldunen jarrera erromatarrak heldu ziren garaikoa baino gogorragoa eta borrokalariagoa izan zen. Jarrera berriaren lehen seinalea Bagauden matxinada izan zen (441). Ekintza hartan, Ebro ibaiaren erdialdeko arroan hainbat harrapaketa egin zituzten.
Toledoko Erresuman hispaniar bisigodoen eta baskoien arteko harremanak ez ziren oso adeitsuak, baskoiek amore emateari uko egiten ziotelako behin eta berriro. Horren erakusle ditugu errege bisigodoek (Leovigildo, Rekaredo, Gundemaro, Suintila, Txindasvinto, Rezesvinto, Wamba eta Rodrigok) VI. eta VIII. mendeen artean egindako zigor-kanpaina ugariak. Mendialdeko euskaldunak kontrolatzeko hainbat gotorleku eraiki zituzten: Leovigildok Victoriacokoa (Araba) 581ean eta Suintilak Erriberrikoa (Nafarroa) 621ean. Euskaldunek erresuma bisigodoaren baitako indar politiko disidenteekin bat egin zuten, hala nola Rezesvintoren aurkako Froyaren Matxinadan (653) eta Paulo dukeak Wambaren kontra gauzatutakoan (672). Gainera, musulmanak Iberiar penintsulan sartu zirenean (711), Rodrigo erregea euskaldunen beste altxamendu bat zapuztu nahian zebilen: Witizaren alde ari ziren orduan.
Nafarroa musulmanen eta frankoen aurrean: bi eremu bereizi behar dira.
- Iruñerrin musulmanei aurre egitea lortu zuten hasieran, baina, azkenean, protektoratu musulmana jarri zieten bertan (718). Inguruak berebiziko garrantzi estrategikoa zuenez, musulmanek eta franko karolingioek eskuratzeko interes bizia zuten. Noble baskoien artean bi adar zeuden:
- belaskotarrak (frankoekin bat egitearen aldekoak)
- iñigotarrak (musulmanen aldekoak)
- Ebro ibaiaren erdialdeko arroa Kasio konde hispaniar godoaren mende zegoen, eta hark inbaditzaile musulmanen gertuko jarrera izan zuen. Haren ondorengoak banukasitar izenez ezagutzen dira.
Nafarroa musulmanen eta frankoen aurrean
Baskoien lurraldean bi eremu bereizten ziren: Ebro ibaiaren erdialdeko arroa (Erribera, Tarazona eta Kalagorri) eta Iruñerria.
Lehen eremua Kasio konde hispaniar godoaren mende zegoen. 714. urte inguruan, armada inbaditzaile musulmanak Kasiorekin harremanetan jarri ziren eta kondeak, nolako arriskua zetorkion ikusita, bere senideekin batera islamismora bihurtzea erabaki zuen. Eremuaren gaineko botereari eustea lortu zuen horrela.
Aurrerantzean, Kasio kondearen ondorengoei banukasitar deitu zieten.
Bigarren eremuak, Iruñerrik alegia, musulmanei aurre egin zien hasieran, baina azkenean amore eman zuen 718. urtea baino lehenago. Orduan, protektoratu musulmana ezarri zieten eta aurrerantzean bertakoek zergak ordaindu behar izan zituzten.
Zergatik pizten zuen hain interes handia eremu horrek? Mendebaldeko Pirinioetan barrena Galian sartzeko bide bat zegoelako, hain zuzen ere. Ondorioz, garai hartako bi botere politikorik garrantzitsuenak, musulmanak eta karolingioak, elkarren kontrako lehian zebiltzan eremu hura nork menderatuko.
Gauzak horrela, noble baskoiak buruzagi militar baten inguruan bildu ziren, hegoaldetik (musulmanak) zein iparraldetik (franko karolingioak) zetozkien presioei aurre egiteko. Bi bando sortu ziren orduan: bata, Belasko buru zuena, karolingioekin batzearen aldekoa zen, eta bestea, iñigotarrak buru zituena, botere musulmanaren aldekoa. Hainbat liskarren ondoren, karolingioek Iruñerria kontrolatzeari uko egin zioten eta Eneko Aritzaren (816-851) mende gelditu zen.
Eneko Aritzak nahiago zuen itunak omeiatarrekin egin, Erriberako banukasitarren bidez (senideak baitzituen). Horrela, IX. mendearen lehen erdian, Iruñerrik ez zuen tirabirarik izan musulmanekin. Baina 851n Aritza hil zenean, Gartzea Enekoez semeak hartu zuen boterea, eta hark liskarrak izan zituen banukasitarrekin. Liskarretan, Asturiasko erregeak lagundu egin zion. Muga militarra sortu zen horrela senideen eta ordura arte aliatu izandakoen lurren artean, eta orduantxe hasi zen Nafarroako errekonkista.
Euskal Herri kontinentala bisigodo, franko eta musulmanen aurrean
Franko merovingioek* bisigodoak menderatu ondoren, Euskal Herri kontinentala frankoen eragin-eremuaren barruan gelditu zen. VI., VII. eta VIII. mendeetan zehar, euskaldunak behin eta berriro matxinatu ziren eta, azkenean, Karlomagnok Euskal Herriaren izaera berezia aintzat hartzea onartu zuen, egoera hura konpontzeko. 781ean erresuma-satelitea sortu zuen bere seme Luisentzat, Akitania, Euskal Herria eta Septimaniako lurraldeak batuz.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org