Euskal Herriko gotzain-barrutien lurralde-eskumena

Euskal Herriko eliz antolamenduari buruzko lehen berriak VI. mendekoak ditugu, 589koak hain zuzen ere. Urte hartakoa da Iruñeko gotzain-barrutiari buruzko lehen aipamena, barruti hartako burua Toledoko kontzilioetan izan zela dioena, alegia. Ipar Euskal Herrian beste gotzain-barruti batzuk zeuden, halaber: Oloroe, Auch, Bazas eta Akizekoak, adibidez.

XII. mendean behin betiko finkatuta gelditu zen Erdi Aroko euskal elizbarrutien mapa, zazpi gotzain-barrutitan banatua.

1.Burgosko elizbarrutia: Bizkaiko mendebaldea (Enkartazioak) eta Araba (Gaubeako bikariotza).
2.Kalagorriko eta Ozkabarteko elizbarrutiak: Bizkaiko gainerako eskualdeak eta Araba, Gipuzkoako Deba bailara eta Nafarroako Viana inguruko herriak. Gotzain-barruti horrek Arabakoa ordeztu zuen 1088an, Fortunio gotzaina hil ondoren. Aurreko barrutiak Armentian zuen egoitza eta IX. mende amaieran sortu omen zuten.
3.eta 4.Iruñeko elizbarrutia: Nafarroa eta Gipuzkoako gainerako eskualdeak, Baztan, Lerin, Bortziriak eta Oiartzun eta Bidasoa ibaien arroak (Oiartzun, Errenteria, Lezo, Pasaia, Hondarribia eta Irun) izan ezik, azken horiek Baionako elizbarrutian baitzeuden, Lapurdi eta Nafarroa Beherea gehiena bezala.
5.Akizeko elizbarrutia: Nafarroa Beherearen ekialdeko muturra (Mixe-Ostabat) eta Zuberoako ipar-ekialdea.
6.Oloroeko elizbarrutia: Zuberoako gainerako eskualdeak.
7.Tarazonako elizbarrutia: Tuterako eskualdea.

Egituraketa hori oso korapilatsua zenez, XI. eta XII. mendeetan bereziki, ika-mika ugari sortu ziren gotzain-barrutien artean, bakoitzari zegozkion lurralde-eskumenak zirela eta ez zirela. Bestalde, gotzainentzat oso lan nekeza zen jokamolde zuzenari eta erlijio-diziplinari buruzko arauak beren barrutietako azken txokoetaraino zabaltzea. Bizkaia dugu horren lekuko, apaizek eta laikoek ez baitzuten Kalagorriko gotzainaren aginpidea onartu, eta beren lurraldean sartzea galarazi zioten.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org