Kristautzea
Euskal Herria hegoaldetik iparraldera kristautu zen, hegoaldea gehien erromanizatutako eremua izanik, ebanjelioaren mezuak hara iritsi baitziren aurrena, Berant Inperio aldian, K.o. III. eta IV. mendeetan. Kristautasuna zabaltzeko bideak gure herria zeharkatzen zuten erromatar galtzadak izan ziren, noski: Bordele-Astorga (Arabatik Lapurdira doan N1 errepidearekin bat datorrena hein handi batean) eta Tarragona-Zaragoza-Iruñea-Oiartzun.
Normala da galtzada horiek erabili izana: IV. mendetik aurrera kristautasuna Erromatar Inperioko erlijio ofiziala zenez, erromanizazioaren ezaugarri bat gehiago zela hartu behar da kontuan. Euskal Herrian, hegoaldea kristautzeko prozesuaren lehen adierazpenen artean ondorengoak nabarmentzen dira: Emeterio eta Zeledon soldaduen martirioa, Dioklezano enperadorearen jazarpenaren ondorioz gertatua; Marko Aurelio Prudentzio prokontsulak (348-405) Peristephanon lanean dioena, hots, Erriberako euskaldunak kristaututa zeudela eta paganismoa iraganeko kontuak zela; Briviesca, Kaskante eta Tarazona inguruko klaserik garrantzitsuenetako kideek (“honorati et possesores”) aita santuaren aurrean Kalagorriko gotzainaren alde azaldutako jarrera (465); eta Arabako ermita multzoa (IV. eta VIII. mende artekoa). Multzo hori 84 haitzulo artifizialek osatzen dute: etxebizitza eta tenplu gisa erabiltzen zituzten, batetik, eta giza itxurako hilobi gisa, bestetik.
Iparraldean (Gipuzkoa eta Bizkaiko itsasertzeko lurraldeetan, Arabako kantabriar bailaretan eta Nafarroako mendialdean), berriz, kristautasuna motelago hedatu zen eta antzinako kultura paganoak luzaroago iraun zuen, erromanizazioak eragin txikiagoa izan zuelako, orografia oso menditsua zelako eta biztanleak barreiatuta bizi zirelako, besteak beste. Horren ondorioz, kristautasunak IX. eta X. mendeak arte itxaron behar izan zuen Euskal Herri osoan hedatu eta errotzeko. Paganismoak hain luze iraun zuela erakusteko, hainbat lekukotza eman dira, batzuk zuzenak baina beste batzuk ez hainbeste, ez behintzat haien interpretazioari dagokionez.
- VII. mendean Zaragozako Tajon gotzainak Bartzelonako Kiriko gotzainari bidalitako gutuna. Gutun hartan Froyak Rezesvinto errege bisigodoaren aurka antolatutako matxinadan Zaragozako hiriak jasandako gertakari larriak aipatzen dira. Gertakari haietan, euskaldunen babesa lortu zuen Froyak eta matxinadan aldareak txikitu eta apaizak hil zituzten. Hala ere, gutunean esaten dena gatazka militar baten baitan ulertu behar dugu, eta ez du zertan paganismoak bere horretan irauten zuela esan nahi.
- VII. mendean jarraituz, San Amando, frantziar gortean itzal handia zuen gotzaina, Ipar Euskal Herria kristautzeko ahaleginetan ibili zen, eta orduko bizipenak Vita Amandi lanean jaso zituen. Egungo kritikariek agerian utzi dutenez, han jasotako gertakariak apokrifoak dira.
- Ibn Hayyan kronikariak, arabiarrek 816. urtean Iruñeko jaunaren aurka egindako kanpainen berri ematen duenean, Aizkorri eta Gorbeia artean machus edo su gurtzaileak zeudela dio, paganoak, alegia.
- Erdi Aroan zehar, Aro Modernora igarotzeko aldia ere barne hartuta, antzinako kulturako zenbait alderdik bizirik jarraitu zuten, kultura kristauarekin bat eginda. Berez, lehen elizen arteko asko eta asko ordura arte gurtza paganoa egin izandako tokietan eraiki zituzten: Urkiolan, adibidez.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org