Talde txiki baztertuak
Erdi Aroko gizarteari buruzko eskema osatzen ari garela, gizarte horretatik kanpo gelditu zirenak ere aintzakotzat hartu behar ditugu.
Zenbait hiribildutan juduak eta musulmanak bizi ziren. Azken talde hori garrantzitsua zen Tuteran eta Ebro bailarako beste herri batzuetan, bai eta herrixka eta herrigune txikietan ere, errege-erreginek soroak lantzeko edo eraikuntza lanetarako erabiltzen baitzituzten.
Juduei dagokienez, garapen ekonomikorik handieneko hiribilduetan bizi ziren bereziki, hala nola, Gasteiz, Balmaseda, Biasteri, Tutera, Lizarra, Iruñea, Erriberri, Viana, Tafalla, Zangoza eta Baionan. Juduek talde berezia osatzen zuten, eta haien ikuspegi etniko, erlijioso, politiko eta instituzionala ez zetorren bat kristauek zutenarekin. Beren erakundeak zituzten eta ez zuten kontzejuko arduretan parte hartzen. Kontzeju horrek, halere, ordenantzak kaleratzen zituen juduen eguneroko bizimoduko zenbait alderdi arautzeko, eta ordenantzetan, hain zuzen, argi ikusten da agintari kristauek baztertuta zituztela juduak.
Dena den, XIV. mendera arte bi komunitateen arteko bizikidetza ez zen txarra izan, oro har.
Kristautasunaz bestelako erlijioen jarraitzaile izateagatik baztertuta zeudenez gain, era guztietako behartsu, bidelapur, gaizkile, legendun, emagaldu eta antzekoak ere aipatu behar ditugu, bestela ez baikenuke orduko gizartea ulertuko.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org