Lingua vasconica edo lingua navarrorum
XI. mende amaieran lingua navarrorum edo euskararen atzerakada hasi zen, beste hizkuntza batzuen presioaren ondorioz.
Hala ere, euskara jaun eta jabe zen landa-ingurunean. Gainera, XI. eta XII. mendeetan hirietako bizimodu berriko hizkuntza nagusiak erromantzeak eta okzitaniera ziren arren, XIII. mendean euskarak onera egitea lortu zuen, hirigune horien inguruan sortutako biztanle gune landatarren ondorioz.
Euskarak hainbat euskalki edo dialekto zituen, eta euskalki horiek erromatarren aurretiko herrien lurralde-banaketarekin bat zetozen. Autrigoiak, karistiarrak, barduliarrak eta baskoiak ziren, hain zuzen, aipatutako herriak. Bizkaiera Deba bailararaino iristen zen, ibai horren arroak karistiarrekiko muga naturala osatzen baitzuen. Gipuzkera, berriz, barduliarren lurraldean erabiltzen zuten, Oiartzun bailararaino. Baskoien lurraldea hantxe hasten zen, eta haien kulturaren eta hizkuntzaren eragina Aragoi mendebalderaino eta Errioxa ipar-ekialderaino iristen zen.
XI. mende amaieran lingua navarrorum edo euskararen atzerakada hasi zen, beste hizkuntza batzuen presioaren ondorioz. Hauek izan ziren euskararen atzerakada eragin zuten hizkuntzak:
- Okzitaniera, Donejakue Bidearen ertzean sortutako herri berrietan finkatu ziren frankoek ekarria.
- Gaskoia: Ipar Euskal Herriko itsasertzeko merkataritzan eta itsasoan ibiltzen zirenen hizkuntza zen eta bere eragina Gipuzkoa ipar-ekialderaino hedatu zen, mugaz alde batekoen eta bestekoen arteko harreman estuen ondorioz, batetik, eta Donostiako foruaren ondorioz, bestetik, foru horrek gaskoien ohiturak jaso baitzituen bertako jendea erakartzeko.
- Hizkuntza neolatindar edo erromanikoak (gaztelania, Nafarroa eta Aragoiko erromantzea eta frantsesa). Hizkuntza horiek nagusitu egin ziren arian-arian, administrazioak eta botere politikoak erabiltzen zituztela eta.
Gaztelania antzinako autrigoien lurraldean sortu zen, besteak beste, eta Nafarroako erromantzea, berriz, Ega eta Aragoi ibaien arroan. Frantsesa, bestalde, XIII. eta XIV. mendeetan Nafarroako errege-erreginak izandako Champagne eta Capeta dinastietakoek ekarri zuten, frantziarrak baitziren jatorriz.. Nolanahi ere, landa-ingurunean jaun eta jabe zen euskara, han elebakartasuna baitzen nagusi. XI. eta XII. mendeetako hiribildu sortu berrietan, berriz, okzitaniera eta hizkuntza erromanikoak nagusitu ziren, eta XIII. mendean euskarak bere lekutxoa hartu zuen, hiribilduen inguruan sortutako herrixka landatarrei esker. Herrixka horiek Araba, Gipuzkoa eta Bizkaian eratu ziren batez ere, hiribilduetako foru berriek erakarrita eta Nafarroako errege-erreginek zegokien baimena eman ondoren.
Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License
Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org