Etxebizitzak

Hiribilduetakoak

Garai hartako hiribilduetako etxebizitzek 40-50 m²-ko oinplano angeluzuzena zuten. Zati gehienak egurrez eginda zeuden eta horrek sute ugari piztea eragiten zuen. Teilatuek bi isurialde zituzten, eta lastoz edo lauza mehez eginda zeuden. Etxebizitzak elkarren ondoan zeuden, mehelinez banatuta. Barrualdea bi gelatan banatuta zuten: kalera begira sukaldea zegoen, eta barrurago logela, familiako senide guztien artean banatzen zituzten bi ohe eta arropa gordetzeko kutxa zituela

Etxearen atzealdean baratzea, ukuilua eta aletegia edo putzu beltza egoten ziren. Artisauen etxeek denda zuten aurrealdean. Etxe batzuetan ganbara moduko gela bat izaten zuten biltegi bezala, baina XIV. eta XV. mendeak arte itxaron behar izan zen bi eta hiru solairuko etxebizitzak agertu arte.

Landa-ingurunekoak

Landa-inguruneko etxebizitzak ez ziren elkarren hain antzekoak. Elkarrengandik bereizita egoten ziren eta beste eraikin bat izaten zuten ondoan, nekazaritza eta abeltzaintzako zereginetarako: lastategia, oilategia, ukuilua edo bihitegia hartzen zuen eraikin horrek. Baserriak, etxebizitza eta nekazaritza-ustiategi bezala, XIV. eta XV. mendeetan hasi ziren ugaritzen.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org