Demografiaren garapena

VIII. mendetik aurrera, biztanleria handituz joan zen pixkana-pixkana. Leku batzuetan (Araban eta Iruñean, adibidez), XI. mendean nolabaiteko gainpopulazioa egon zen, eta horren ondorioz, zenbait jende Errioxa aldera joan zen bizitzera.

Biztanleriaren hazkundearen eraginez, XI. mendean hiribildu berriak sortu zituzten, gehienak ere merkataritzari lotuak.

Hazkunde horren adibide ditugu irudi honetan ikusten diren handitze-lanak. Elkarren jarraian egin zituzten Gasteizko hiria handitzeko.

 


 

Biztanleriaren hazkundea

Erdi Aroko lehen urteetan, biztanle-dentsitatea ez zen oso handia, eta gehienak lurralderik emankorrenetan bizi ziren. Horrela, biztanle gutxitxo bizi zen Bizkaian, Gipuzkoan, Nafarroa hezean, Nafarroa Beherean eta Zuberoan, hango ekonomia artzaintzan oinarritzen baitzen nagusiki, eta oso nekazaritza urria baitzuten. Araban, Iruñerrin eta Ebro bailaran guztiz bestelakoa zen egoera, han nekazaritzan jarduteko aukerak askoz ugariagoak baitziren, eta, ondorioz, biztanle-dentsitatea ere handiagoa zen.

VIII. mendetik aurrera, biztanle-kopuruak handitzen jarraitu zuen poliki-poliki, eta XI. mendera iristean, Araban eta Iruñerrin, adibidez, nolabaiteko gainpopulazioa sortu zen, hango jarduera ekonomikoaren garapenak eta gizarte-antolamenduak jasan zezaketena baino biztanle gehiago baitzegoen. Horren ondorioz, hainbatek Ebro bailararantz jo zuen (Errioxara).

Biztanle gutxiko gune edo herrixken sorrera XI. mendetik aurrera izan zen adierazgarriena, orduantxe sortu baitzituzten lehenbiziko hiribilduak Nafarroan, ia denak merkataritzari lotuak. Hiribildu haietako askotan Pirinioez bestaldetik etorritako jendea jarri zen bizitzen. Atzerritar haiei franko esaten zitzaien orokorrean, eta estatutu juridiko askea zuten.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org