Arte- eta kultur-adierazpenak

Arte-adierazpenak

Monasterio-ordena erreformatzaileen hedapenari esker, XI. mende amaieraz geroztik Europa kristauan oso ohikoa zen arte-estiloa zabaldu zen: erromanikoa. Euskal Herrian Clunyko Ordenak bultzatu zuen estilo horren hedapen bizkorra, eta Donejakue Bidean sortutako adar berriek ere hedatzen lagundu zioten, bidean zehar Europako eredu estetiko eta kulturalak zabaldu baitziren.

Prerromanikoa: VII. mendetik X. mendera bitartean landutako arte- eta arkitektura-estiloa da. Estilo horrek teknika eta motibo paleokristauak darabiltza dekorazioan, jatorri germaniarreko (bisigodoa) arte-tradizioekin batera. Horren eredu ditugu absideetako leihateak (monolitikoak, ferra-arku zentrokideekin eginak), adibidez. Euskal Herrian oso urriak ditugu estilo horretako eraikinak: Mutrikuko San Andres eliza (Astigarribia auzoan), Abrisketako San Pedro ermita (Arrigorriagan) eta Astreako San Julian ermita (Zalduondon).

 


 

Erromanikoa: XI. mendetik XII. mendera bitartean landutako arte- eta arkitektura-estiloa da. Honakoak ditugu estilo horren ezaugarri nagusiak: erdi-puntuko arkuak, kanoi-ganga erdizirkularrak, bat eta hiru nabe bitarteko basilika-oinplanoak, bat edo hiru abside erdizirkularreko goiburukoak, eskulturen bidezko dekorazioa kapiteletan, arkuetan eta ataurreetan eta margoen bidezko dekorazioa horma eta gangetan.

 


 

Euskal Herrian erromanikoa oso azkar zabaldu zen, ondorengo arrazoiengatik:

  • Clynaterren ordenaren eskumendeko monasterioak sortu zirelako eta ordena horrek erromanikoa zabaltzen lagundu zuelako.
  • XI. mendean zehar klunitar monjeek gregoriar erreforma hedatu zutelako.
  • Santiago Konpostelako erromes-bidean adar nagusi bat (Frantses bidea) eta beste adar txiki batzuk sortu zirelako Euskal Herrian. Adar horien bidez hedatu ziren Europako eredu estetiko eta kulturalak.

Erromanikoa Nafarroan hedatu zen gehienbat, gutxixeago Araban eta oso gutxi Bizkaian eta Gipuzkoan. Zergatik? Donejakue Bidearen adar nagusiak Nafarroa zeharkatzen zuelako eta klunitar abadiarik garrantzitsuenak herrialde horretan zeudelako. Gainera, XI. mendean, erromanikoak goia jo zuen garaian, alegia, Nafarroa Iberiar penintsulako erresuma kristau nagusia bihurtu zen, Antso III.a Azkarraren politikari esker.

Lehen erromanikoan, X. mende amaieratik XI. mendeko hirugarren laurdenera arte, Leireko San Salbador eta Aralarko Done Mikel in Excelsis nabarmentzen dira.

Erromanikoaren loraldian, XI. mendeko hirugarren laurdenetik XII. mende erdialdera arte, Uxueko Andre Maria, Iratxeko monasterioa eta Iruñeko katedrala ditugu eraikinik garrantzitsuenak, guztiak ere Nafarroan. Iruñeko katedrala Pedro de Roda gotzainaren agintaldian hasi ziren eraikitzen. Gotzaina Clunyn ibilia zen 1100. urtean, eta erreformatzaile gogorra zen. Santiagoko katedraletik zetorren Esteban maisuak lagundu zion katedralaren eraikitze-lanetan.

XII. mende erdialdetik XIII. mende hasiera arte erromaniko berankorra landu zuten. Hauek ditugu estilo horren eredurik garrantzitsuenak: Zangozako Santa Maria, Eunateko Santa Maria, Lizarrako Ruako San Pedro, Armentiako basilika, Estibalizko Ama edo Galdakaoko Andre Mari.

XIII. mende hasieran protogotikoa hasi zen, hau da, erromanikotik gotikorako zubia egiten zuen estiloa. Estilo horren ezaugarri nagusiak hauek ziren: arku zorrotzak, ogiba-arkuak, zutabe bikoitzeko harroinak, oinplano poligonaleko absideak… Estilo horretakoak ditugu Tuestako Andre Maria eliza (Araba) eta Orreagako kolegiata, besteak beste.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org