Noblezia

Nobleek ez zuten talde homogeneorik osatzen, baina denek ere betekizun bera zuten gizartean: lurraldea babestea.

Nobleen artean bi talde bereizten ziren: goi-noblezia zegoen, batetik. Nafarroan talde horretako kideei “rico hombre” esaten zitzaien XII. mendetik aurrera, eta haien artean ondorengo leinuak zeuden: Almoravid, Baztan, Arrada, Zubitza eta Bidaurre. Bizkaian, berriz, harotarrak ziren leinu nagusia, haiek baitziren Jaurerriko buru. Gipuzkoan eta Araban gebaratarrak, mendozatarrak, belaskotarrak eta aialatarrak ziren, besteak beste, XIII. mendeko leinu nagusiak, eta handik bi mendetara gailurra jo zuten leinu horiek.

Nobleen arteko bigarren taldea infantzoiek edo aitoren semeek osatzen zuten. Halakoak ugaritu egin ziren pixkanaka, eta azkenean Bizkaiko lurralde irekiko, Gipuzkoako hiribilduetako eta Nafarroako zenbait komunitate landatarretako biztanleak talde horretan sartu ziren. Talde horren maila ekonomikoa eta gizartean zuen entzutea ez ziren goi-nobleziarenak bezain handiak, baina haiek bezala, ez zuten inolako zergarik ordaindu behar, ez zerga pertsonalik ez beren ondasunen gainekorik. Bizkaian, aitoren seme askok beren lurrak landu egin behar izaten zituzten. Araban, landa inguruneko aitoren seme gehienek Arabako edo Arriagako Kofradia osatzen zuten.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org