Burgesia

Hirigune edo hiribildu guztiek ez zuten garapen bera izan, Gasteiz eta Labraza alderatuz gero ederki ikusten dugun bezala: lehenengoa Euskal Herriko merkataritzaren buru zen XIII. mende amaieran, baina bigarrena Erdi Aro osoan harresiz inguratuta egondako nekazari-herrixka besterik ez zen izan. Dena den, hiribilduen mosaiko zabal hark berebiziko garrantzia izan zuen Erdi Aroko euskal gizartea eraldatzeko garaian.

Europako gainerako herrietan bezala, hiribilduen sorrera hazkunde demografikoari eta ekoizpen indarren zein merkataritza harremanen garapenari esker gertatu zen. 1063an Antso Ramirezek, 1706tik aurrera Aragoi eta Iruñeko errege izan zenak, franko forua eman zion Jakari, eta horrek Euskal Herri osora hedatu zen hirigintza prozesu zabalaren hasiera ekarri zuen. Jakako foruan jasotako “frankoen zuzenbidea”, euskal hiribilduen ezaugarri juridiko instituzionalak finkatzeko eta bertako biztanleen eskubideak eta betebeharrak zehazteko oinarritzat hartu zuten, bai zuzenbide horri zuzenean helduz, bai Lizarrako foruaren (1090) eta handik eratorritako geroagoko formulazioen bidez (Gasteizkoa, adibidez).

Hiribilduetako eta burguetako biztanleek oso multzo heterogeneoa osatzen zuten. Babes-bila joandako edo hirietako negozioen etekinak eskuratzeko harresien atzean finkatutako noble eta nekazariak zeuden, batetik, baina hirietako biztanleen artean nabarmendu beharreko ezaugarria hauxe zen: asko eta asko juridikoki askeak zirela. Biztanle askeak ez zeuden jauntxoen mende, eta artisautzari, merkataritzari edo zerbitzuei lotutako zereginetan (legegile, eskribau, notario, mediku…) aritzen ziren, nekazaritzatik kanpo, alegia. 1111. urte ingururako Lizarran ondo errotuta zegoen “burgensis” terminoa (burgesak) hiribilduetako biztanleak izendatzeko, eta gizarte maila adierazteko erabiltzen zen hitz hori orokortu egin zen azkenean. Nafarroa eta Arabako hiribildu askotan, erromesaldi bideekin lotura zutenetan bereziki, hiribilduetako biztanleen artean “frankoak” zeuden, hau da, atzerriko herritar aske pribilegiodunak. Gehienak frantsesak ziren jatorriz, eta merkataritzan eta artisautzan ziharduten batik bat. Franko haietako askok jatorrizko hizkuntzari, okzitanierari, eutsi zioten, eta Jakatik Lizarrarako bidean zebiltzan frankoekin eta Languedoceko merkatariekin zituzten harremanetan hizkuntza horretan mintzatzen ziren.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org