Monasterioetako kultura

Donemiliagako kodizea Donemiliaga Kukullako monasterioko liburutegian agertu zen, eta gurtzarako testu latindar hartan alboetan tarteka-marteka esaldi labur batzuk zeuden euskaraz eta Gaztelako erromantzean. Esaldiok bi hizkuntza horietan ezagutzen diren lehen adierazpenak dira.

Erdi Aroaren hasieran, mendebaldeko Erromatar Inperioaren gainbeheraren ondoren, monasterioak antzinako kultura grekolatindarraren ondarea zaindu eta zabaltzeaz arduratu ziren. Horrela, 848. urtean, adibidez, Kordobako Eulogio gotzaina mendebaldeko Pirinioetako monasterioetan zehar ibili zen (Igari, Siresa, Urdaspal, Leire, ...) eta lur eta zur gelditu zen hangoen kulturaren indarra ikusita, monasterioetako liburutegietan San Agustin, Virgilio, Juvenal, Horazio eta Porfirioren liburuak aurkitu baitzituen, besteak beste. Handik mende batera, Errioxa inguruko monasterioek hartu zuten aurrekoen lekukoa. Monasterio horiek Iruñeko koroari lotuta zeuden berez (Naiararen jabetzakoak ziren) eta, besteak beste, Albeldako San Martin eta Donemiliaga Kukullakoa nabarmentzen ziren. Monasterio horietan kodize miniatu ederrak egin zituzten: Vigilano edo Albendense (976) izenekoak, adibidez. Kodize hori Vigila monjeak egin zuen eta bertan Iruñeko Erresumaren kronika laburra, lege-kode batzuk eta beste hainbat testu jaso zituen. Monasterio haiek Iruñeko erregetza sortu berriaren oinarri intelektuala ziren.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org