Donejakue Bidea

Erlijio-adierazpenak izatez gain, Santiago Konpostelako erromesaldiek Euskal Herriko merkataritza eta artisautza suspertzen eta kultura zabaltzen lagundu eta hirietako iraultza eragin zuten.

Jatorria

IX. mende hasieran Santiago apostoluaren hilobia aurkitu zuten Iria Flavia (Padron gaur egun) inguruko kastro batean. Apostoluaren hilobia ikusteko lehen erromesaldiak antolatu zituzten orduan, eta ohitura hura errotu egin zen XI. mendean. Santiago kristautasuneko erromes-gunerik garrantzitsuenetakoa bihurtu zen, Erroma eta Jerusalemekin batera.

Frantses bidea

Antso III.a Gartzez Nagusia eta Antso Ramirez erregeek Frantses bidearen oinarriak ezarri zituzten. Herri-guneak sortu zituzten, eta merkataritzari eta artisautzari lotutako jarduera berriak zekartzaten erromesak bertan finkatzen hasi ziren. Frantses bideak Nafarroan zituen geldilekuak hauek ziren: Orreaga, Iruñea, Gares, Lizarra, Los Arcos eta Viana.

 

San Adriango tuneleko bidea

XIII. mendean Donejakue Bide berri bat sortu zen, Gaztelako Alfontso X.a Jakitunak Gipuzkoa eta Araban barrena bultzatutako merkataritza-bide berriari esker. Erromesak Baionatik abiatu eta Tolosa, Ordizia eta Seguratik igarotzen ziren. Gero, San Adriango tunela zeharkatu eta Agurain, Gasteiz, Argantzun eta Armiñóneraino jarraitzen zuten.

 


 

Kostaldeko bidea

Beste bide bat ere bazegoen, baina ez zen aurrekoa bezain ezaguna. Bide hori Bizkaiko golkoko itsasertzetik zihoan, Gaskonian hasi eta Asturiaseraino, eta Euskal Herrian Donostia, Getaria, Markina-Xemein, Bilbo eta Balmaseda zeharkatzen zituen.

 


 

 

Erromesentzako laguntza

Santiagorainoko bidea oso gogorra zen, eta arriskuz josita zegoen gainera: gaizkileren batek lapurreta egiteko arriskua zuten, adibidez. Erromesei laguntza material eta espirituala emateko, ostatuak, monasterioak, ospitaleak eta aterpetxeak eraiki zituzten bide ertzean. Hauek izan ziren horrelakoak sortu zituztenak: a) Jerusalemgo San Joanen eta Tenpluko zaldunen ordena militarrak (Baliarrain eta Zegaman); b) monasterioetako ordenak (Orreagako eta Urdazubiko agustindarrak, Estibalizko beneditarrak, Gasteizko frantziskotarrak eta Ziortzako kolejiatako fraideak, adibidez); c) Naiarako Gartzea erregeak (Iratxe eta Naiara), Antso Ramirez erregeak (Jaka eta Iruñea) eta beste errege batzuk; d) udal agintariak.

Erromesek leku horiek ezagutzeko Donejakue Bideari zegozkion ikonoak erabiltzen zituzten: txirlak edo Santiago gurutzeak, esate baterako.

Gune horietan jatekoa eta lotarako lekua aurkitzen zituzten erromesek, baina gehienetan beste bidaiari batzuekin batera egon behar izaten zuten. Zainketa medikoa ere izaten zuten, batik bat oinetako-zauriak sendatzeko, eta sorospen espirituala. Hilez gero, hileta-elizkizunaren ostean, ehortzi egiten zituzten.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org