Botere-instantziak

Koroa: Erregea buruzagi militarra zen. Horrez gainera, justiziaren iturritzat jotzen zen eta gizartearen antolamendu politikoaren piramidearen goi-erpinean zegoen. XIII. mendean, Champagneko Tibalt I.a Trobalaria errege frantsesa tronuratu zenean, pentsamolde politiko berria zabaldu zen, eta aurrerantzean monarkia erresumaren eta erregearen arteko itun baten emaitza izango zen. Itunaren helburua erregearen boterea mugatzea eta nobleen boterea sendotzea zen. Horrekin batera, administrazioa nafarren esku gelditzen zela ziurtatzen zuten horrela; izan ere, errege berriarekin funtzionario atzerritar ugari etorri ziren.

Errege-erreginen kuria: Organo horren egitekoa errege-erreginei aholku ematea zen, gobernuari zegozkion zereginetan, batetik, eta justizia-administrazioan, bestetik. Kuria hori errege-familiako kideek, erresumako baroiek, idazlariek eta maila apalagoko beste zenbaitek osatzen zuten. XIII. mendean errege-erreginen kuria bi erakundetan banatu zuten, bakoitzari zeregin berezi batzuk emanez: errege-kontseilua, aholkularitza kontuetarako, eta gorteko auzitegia, justiziari lotutako gorabeheretarako.

Jabetzak eta merindadeak: Erregeak bere lurraldeko zenbait eremuren administrazioa erresumako leinu nagusietako kideen artean banatzen zuen batzuetan. Haiek erregea ordezkatzen zuten era askotako zereginetan: politikan, eskumenen inguruko gaietan, ekonomia eta zerga-kontuetan eta gai militarretan, esate baterako. Jabetza horiek Nafarroa, Araba eta Gipuzkoako lurraldeetan zeuden.

Erregeak ematen zituen ohore edo sarietako bat osatzen zuten jabetza horiek. “Sari” edo ohore horien truke, jabetzaduna erregearen basailu bihurtzen zen, hau da, trukean laguntza militarra eta aholkua eman behar zizkion eta baita jabetzako lurretan jasotzen zituen errenten erdia ere.

XIII. mendean, Champagneko dinastia frantsesa iristean, jabetzen eredua baztertu eta merindadeen eredua ezarri zuten. Merindade horien buru merio izeneko funtzionario batzuk jartzen zituzten. Merio haiek erregearen diruzaintzatik ordaintzen zituzten zuzenean, eta ez ziren goi-nobleziakoak, zaldunak edo frankoak baizik.

Gorte nagusia: XIII. mendean curia generalis edo gorte nagusia sortu zen. Gorte hori handikiek, zaldunek, infantzoiek eta apaizek osatzen zuten, eta pixkanaka hiribildu oparoak gehitu zitzaizkien. Berant Erdi Aroko Nafarroako gorteen aurrekaria izan zen erakunde hori. Gai orokorrei buruz aholku ematea zen haren zeregin nagusia; besteak beste, errege-erreginentzako ezkontide egokia aukeratu, errege-erregina berriei zina hartu, txanponak egiteko baimena eman eta erresumako bizimoduan garrantzia zuten bestelako gaiei buruz.

Arriagako Kofradia: XII. mende amaieratik 1332. urtera bitartean, Arabako lurraldea errege-hiribilduen eta Arriagako Kofradiaren artean banatuta zegoen. Kofradia horren lehen aipamena 1258koa dugu. Jaurerri jurisdikzionala osatzen zuen, hau da, kofradiak mendeko lurraldean gobernatzeko, justizia banatzeko, zergak biltzeko eta abarrerako eskumena zuen. Bizkaiko edo Oñatiko Jaurerriak berdinak ziren.

Kofradiaren hedadura kofradiakideen jabetza eta oinetxe guztiak batuta ateratzen zena zen, eta gaur egun Arabak duen azaleraren erdia edo hartzen zuen. Bizkaiko eta Oñatiko Jaurerrietan ez bezala, Arriagako Kofradiako jauna aukeratu egiten zuten.

Kofradiakideen batzar nagusiak Arriagako zelaietan egiten zituzten, Gasteiztik gertu. Hantxe aukeratzen zuten kofradiako jauna, eta horrez gain justizia banatu eta talde bezala zegozkien arazoak aztertzen zituzten.

Bizkaiko Jaurerria: Jaurerria lau erakunde elkartuk osatzen zuten: lur irekiak, Enkartazioek, Durangaldeak eta hiribilduek. Lur irekiko erakunde txikienak elizateak ziren, eta elizate horiek merindadeetan elkartzen ziren.

Bizkaian, itunaren aldeko ohiturazko erregimena egon zen, Nafarroan bezala. Jaun izendatu berriak bizkaitarren pribilegio, usadio, ohitura, eskubide eta foruak betetzeko zina eman behar zuen Gernikako arbolaren aurrean. Hori egiten ez bazuen, ez zuten jauntzat onartuko, ez zituzten haren gutun eta aginduak beteko eta ez zieten haren zerga-biltzaileei Bizkaian sartzen utziko.

Zina egin ondoren, bizkaitarrek leialtasuna adierazten zioten jaun izendatu berriari eskumuinen zeremoniaren bidez.

Kontzejuak: Hiriguneetako botere politikoa kontzejuko biltzarrak zuen zuzenean. Biltzar haietan herritar guztiak elkartzen ziren; horregatik ziren kontzeju irekiak.

Kontzejuetako pertsona nagusia alkatea zen. Haren ondoren gaur egungo zinegotzien baliokideak zeuden (jurado esaten zitzaien garai hartan), eta zinegotzi horiek udaleko bizimodu egokia ziurtatzeko beharrezko zereginak egin eta herritarrak ordezkatzen zituzten kontzejuko biltzar murriztuetan. Hiribildu eta hiri batzuek erregearen zuzeneko ordezkariak ere bazituzten, legeak betearazi eta erregearen interesak zaintzeko.

Honako lizentzia hauek babestua: Creative Commons Attribution Non-commercial Share Alike 3.0 License

Erdi Aroa Euskal Herrian, Euskomedia Fundazioa Asteasuain, 14 (Txikierdi) 20170 Usurbil (Gipuzkoa). Tlf: 943 32 22 62 euskomedia@euskomedia.org